Tolosako Udalawww.tolosa.partehartzen.com

Mariaren Bihotza eraikina eraistear

Iruzkin berri bat gehitu
Aurreko astean Rondilla kaletik nindoala, nire ezusterako, geltoki ondoko eliza eraistear dagoelaz jabetu nintzen, etxebizitza multzo berri bat egiteko (elizaren fatxada nagusian proiektua ikusgai dago pankarta handi batean) . Ni ez naiz tolosarra, baina beti miretsi izan dut herri hau bere hirigintza eta kalitatezko eraikin multzoagatik. Eta eraikin horietako bat hau da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gidan jasotzen den bezala (http://b5m.gipuzkoa.net/arkgida/carcasa.html?http://b5m.gipuzkoa.net/arkgida/index1.html). Eraikina 1920. urtekoa da, Guillermo Eizaguirre arkitektoarena, eta estilo neogotiko berandutiarrean eraikia dago. Eraikinaren kokapena interesgarria da ere, tren-geltokirako atari moduan funtzionatzen duen plazari fatxada ematen baitio. Nire ustez, Tolosako bilbearentzat garrantzitsua den eta profesionalen arabera ondaretzat har daitekeen ezaugarri hauetako eraikin bat desagertaraztea oso zalantzagarria eta kezkagarria da (eraikina egoera txarrean egonik ere, tenpluaren portada edo elementu garrantzitsuenak mantentzeko aukera aztertu beharko litzateke, nire ustez). Are gehiago, hau horrela izanik, udalaren ondarearekiko sentsibilizazio falta oso nabaria izango litzateke . Espero dut iradokizun honen bitartez udal arduradunen artean gai honekiko gogoeta jarrera piztea, eta, berandu ez bada, zentzugabekeria hau gelditzea. Arkitekturako ikasle bat.
I.B.R. 28/11/2014 18:16 Triste 
Tolosako Udala: Hirigintza Departamentuko Arduraduna
Gaur egun, Korazonisten elizaren hirigintza-egoera da ordenazioz kanpo dagoela, zeren aurreikusita baitago inguru horretan etxebizitzen sustapen inmobiliario bat garatzea. Hori horrela da indarrean dagoen Hiri Ordenazioko Plan Orokorra onartu zenetik, 2009an. Bere garaian, ez zitzaion inongo babes-motarik eman eta ez zen Plan Orokorreko katalogoan sartu. Eraikinaren gainean egiten diguzun gogoeta oso interesgarria iruditzen zaigu, baina beharbada berandu samar iristen da zeren eraikinaren eta lursailen jabeek hartutako eskubide batzuk dauzkaten gaur egun. Egia da eraikin horrek baduela balio arkitektonikoa aurreko fatxadagatik, eta horretxegatik azaltzen da Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (COAVN) egin duen gidan. Hala ere gida horrek ez du, legezko ondorioetarako, inolako balio arau-emailerik eta ez du eraikinak "sailkatzen" ondare gisara. Izan ere, beste mekanismo batzuk daude eraikitako ondareari legezko babesa emateko, nola izan baitaiteke 7/1990 Legea, Euskal Herriko Kultur Ondareari buruzkoa (erkidegoari dagokionez) edo beste hirigintza-dokumentu batzuk, nola izan baitaitezke Plan Orokorretako katalogoak (udalei dagokienean). Ondareari dagokionez udalean dagoen sentiberatasunaren aldetik, berriz, Plan Orokorreko 3. dokumentuan (Katalogoa) babestutako eraikinen zerrenda kontsulta daiteke. Katalogo horren barruan daude, alde batetik, erkidego mailako babesarekin (Eusko Jaurlaritzak proposatutako ondasunak) eta, bestetik, udal mailan babestutakoak. Uste dugu ezen, bere garaian, ahalegin bat egin zela ahalik eta higiezin gehien babesteko, baina, batzuetan, zaila da, baita ezinezkoa ere, eraikin guztiak katalogatzea. Eta horretxegatik erabili behar da hierarkia eta lehentasunezko printzipio bat. Kontuan hartu behar da beste iritzi-multzo bat ere: eraikina zein egoera fisikotan dagoen, zein erabilera har dezakeen, zein kokapena duen hiri-sarean... Erabakitzea zer jotzen den ondaretzat eta zer ez batzuetan izan daiteke eginkizun zail bat eta interpretazio desberdinak eragin ditzake. Hala ere, gogoeta sorta hau egin behar zen Plan Orokorra onartu zen garaian, orduan aukera zegoen-eta eraikin hori legez babesteko. Amaitzeko, eskerrak ematen dizkizugu zeure iruzkinagatik eta espero dugu etorkizunean horietako gehiago egotea.
  4/12/2014 07:36
Iruzkin berri bat gehitu

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraituz, jakinarazten dizugu zure datuak "PARTE HARTZEN" izeneko fitxategian jasoko direla. Tolosako Udala da fitxategi horren titularra eta fitxategiaren helburua, berriz, honako hau: “Partaideen identifikazioa eskatzen den gaietan herritarren parte-hartzea kudeatzea”. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu (dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo horien kontra agertu), Herritarren Arretarako Zerbitzuan (UDATE) egin dezakezu, horretarako idatzi bat aurkeztuta.

 
DMacroWeb-ek eraikitako web orria